CAMILLE EXTREME 2020 ESPAINIAKO BANAKAKO ETA SELEKZIO AUTONOMIKOETAKO TXAPELKETA

 

Ekainaren 21ean ospatuko den mendi lasterketan, Izabak lasterketa mota honetako maila handieneko lasterkariak hartuko ditu.

Camille hartzak bizileku izan zituen mendiek, berriz ere, Estatu mailako mendi lasterketetako eliteko korrikalariak ikusiko dituzte bere inguruan. FEDMEk Camille Extreme aukeratu du Banakako eta Selekzio Autonomikoetako Espainiako Txapelketa antolatzeko. Egutegiko hitzordu garrantzitsuenetakoa da eta bigarrenez antolatuko da Izaban (Nafarroa).

Lasterketa hau 2005. urtetik Izabako Kirol Elkarteak antolatzen du eta 2020an ekainaren 21ean ospatuko da. Ibilbidea ohikoa izango da; 31,6 kilometroko ibilbide menditsua eta 2.044 metroko desnibel positiboa. Ezkaurre mendia izango da beste behin lasterketa honetako erreferentzia bere 2.047 metroekin, baina azpimarratzekoa da ia ibilbide guztia goi mendiko bideetatik igarotzen dela.

Bigarren aldia izango da, Camille Extremek Espainiako Banakako eta Selekzio Autonomikoetako Txapelketa hartzen duela. Aurrekoan, 2014. urtean, Manuel Merillas eta Laia Andreuk lortu zuten txapela, nahiz eta gizonezkoen artean, lasterketaren garaipena Zaid Ait Malek marokoarrak lortu zuen.

Bere ibilbide luzean zehar, Camille Extremek, Espainiako eta Euskadiko Koparako puntuagarria izan da, Euskal Herriko Txapelketa eta Nafarroakoa antolatu ditu eta Skyrunseries zirkuitorako puntuagarria ere izan da. Izaban podiumera igo diren izen ezagunenen artea Hassan Ait Chaou, Luis Alberto Hernando, Maite Maiora edo Tofol Castañer daude. Gainera gaur egungo markarik onenak dituzten Zaid Ait Malek (2h 53´) eta Oihana Kortazar (3h35´) ezin dira ahaztu.

Izen emateak otsailaren 2an zabalduko dira eta Izabako Kirol Elkartearen webgunearen (www.adi-ike.com) bitartez egin ahal izango dira. Antolakuntzak 600 dortsal aterako ditu eta FEDME federatuek lehentasuna izango dute Espainiako Txapelketa delako.

Gazteentzako kategoriak, azkenik, Cannelle Trail lasterketan parte hartuko dute. Kasu honetan 13 kilometroko ibilbidea eta ia mila metroko desnibel positiboa du, Camille Extremeren “ahizpa” den lasterketa hau. Gazteekin batera beste partehartzaileek ere parte hartu ahal izango dute, baina kasu honetan 200 dortsal jarriko dira salgai.